Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

ORTZADARRek egiten dituen jardueren artean foklorearekin loturikoak, eta bereziki dantza eta musikarekin loturikoak, ditugu nagusi, zalantzarik gabe, eta horiek izan ziren 1974. urtean taldearen sorrera bultzatu zutenak.

Eratu zenetik bertatik dantzari eta musikarien taldea sortu zen, folklorearen adierazpenaren ikerketa eta interpretazio esperientzia berritzaileak eredu hartuta. Horrela, Iruñeko garai hartako dantza taldeen joera, koreografiatik haratagoko baliorik ez zuten ikusizunak aurkezteko joera, alegia, gainditu zuten.

Dantza eta doinu berriak bertatik bertara ikasteko gogoak jatorrizko dantza maisu-maistrengana eraman zituen behin eta berriz, eta, berehala, Nafarroan ordurako galduak ziren hainbat dantza eta doinu berreskuratzea ekarriko zuen ikerketa sakonaren beharra ikusi zen.

Era horretan, ikerketa lanari ekin zioten, artxibo eta liburuetan arakatuz. Hasi eta denbora batera, lan horien guztien uzta bildu zuten Ortzadarko kideek: Nafarroako Erriberako dantzak eta Ihabarko ingurutxo eta inauteria berreskuratu zituzten, besteak beste.

Berreskuratutako dantza eta doinuak oro zein herritakoa izan eta bertako biztanleei irakatsi zizkieten. Ondoren, Ortzadarren errepertorioan gehitu zituzten, eta, azkenik, Iruñeko beste dantza taldeek ere bere egin zituzten.

Dena den, folklorea jatorrizko lekuan bertan ikertzea eta doinuak eta dantzak berreskuratzea ez ziren Ortzadarren ezaugarri bakarrak izan. Hasiera-hasieratik ikasitakoa argitara eman eta Nafarroako paisaje artistikoa aberasten laguntzeko emanaldi berriak antolatzeari ekin zion, asmo dibulgatzaile (Baztango eta Erriberako dantzen edota inauterien gaineko ikuskizunak) eta berritzailearekin (Erribera, Gaueko, Soinudantza, etab).

ORTZADAR herri askotan eskaintzen ditu bere ikuskizunak, batez ere Nafarroan, eta erakunde publiko zein pribatuek antolatutako jaietan, kultur programazioetan eta jaialdietan parte hartzen du. Ortzadarko kideak dantza eta musika txapelketetako epaimahaikide izan dira, eta, halaber, dantza, soinu-tresna eta kanta ikastaroak eskaini dituzte.

Taldeak harreman egonkor eta emankorra du Nafarroako Erakundeekin, batik bat Bianako Printzea erakundearekin eta Iruñeko Udalarekin, hitzarmenak sinatzen ditu haiekin, eta, 1983. urteaz geroztik, urtero-urtero, Iruñeko Udalak programatzen dituen dantza eta musika agerkizunetarako hitzarmenak sinatzen ditu.

Egun, Ortzadarren hiru dantza talde daude –beteranoena, seniorra eta gazteena–, eta horietan, guztira, 80 pertsona inguruk parte hartzen du. Monitoreak taldekoak bertakoak dira, bertan ikasitakoak nahiz taldetik kanpoko ikastaroetan ikasiak, eta Elkartearen dokumentu-funtsak dituzte beti lagun. Bestalde, fanfarrea osatzen duen musikari taldea ere badago. Musika tresna tradizionalak jotzen dituzte, eta dantzarako, kaleko edota kontzerturako errepertorioa interpretatzen dute. Honi guztiari kantu talde ere gehitzen zaio, ikuskizunetan eta Olentzero, Santa Ageda eta beste ospakizunetan bere kantu errepertorioa agertu ohi duena.

Musikari dagokionez, hamabost-bat pertsona ibiltzen da arlo honetan lanean. Musika tresna tradizionalak zein gaur egungo instrumentuak jotzen dituzte. Azpimarratzekoak dira euskal tresna tradizionalen inguruan antolatu izan diren eta gaur egun ere antolatzen ari diren ikastaroak. Esaterako, txistu, alboka eta txalaparta ikastaroak izan dira. Horiei esker berreskuratu izan dira galtzear zeuden euskal musika-tresna eta doinu zaharrak.

Musikariek hainbat ataletan egiten dute lan. Batetik, dantzariekin batera taldeko dantza eta musika emanaldietan aritzen dira. Bestetik, musika-tresna talde ezberdinak osatzen dituzte, emanaldiak eskaintzeko, adibidez, gaita eta txistu taldeak. Azkenik, fanfarrea dago, musika-tresna tradizional zein modernoez osatua, Baxe Nafarroako herri orkestretan jatorria duena.

Ortzadarrek kultura tradizionalaren gaineko ikastaro monografikoak antolatu ditu urtero-urtero 1988. urteaz geroztik, folklore talde guztietako kideei nahiz jorratutako gaietan interesa duten pertsona orori zuzenduak.

Horrez gain, Bianako Printzea erakundeak urtero sustapen soziokulturalerako egiten dituen jardueren barruan, kultura tradizionalaren inguruko hainbat ikastaro eskaini ditu gure elkarteak Nafarroako herrietan.

Era berean, Nafarroako Gobernuaren eskaintza soziokulturalaren barnean, Ortzadarreko zenbait kide monitore gisa aritu da Euskal Dantzarien Biltzarrak antolaturiko “Eskualde Dantzak” ikastaroetan. Aipatutako ikastaroez gain, hainbat Ortzadarkidek, gure taldeak jorratzen dituen esparruko gaiei buruzko ikastaroak ematen ditu Nafarroako herrietan zein hiriburuko auzoetan, besteak beste, musika tresna tradizionalen (txalaparta, txistu, etab...) eta dantza edo kanta tradizionaken ingurukoak.

Beste erakunde batzuen eskaerari erantzunez, zenbait taldekidek hitzaldiak eman ohi dituzte, baita mahainguruetan parte hartu ere, batik bat jai herrikoien inguruko datetan, inauterietan, Sanjuanetan, etab

1985. urteaz geroztik Ortzadarrek FOLKLORE ETA KULTURA TRADIZIONALAren gaineko jardunaldiak antolatzen ditu. Jardunaldi horien helburu nagusia Kultura Tradizionala osatzen duten alderdien ikerketetan sakontzea eta hura sustatzea da, baita ikerkuntzak aurkezteko eta eztabaidarako foro bat osatzea ere. Aurkeztutako lanen maila dela-eta Ortzadar Elkartearen jardunaldiek ospea eta zientzia komunitatearen eta folklorezaleen onespena lortu dute.

Parte-hartzaile gehienak gure inguru geografikokoak izaten diren arren, beste kultura-eremu batzuetatik etorritakoak ere ez dira falta izan, hala nola, Aragoi, Katalunia, Gaztela, Kanariar Uharteak eta Okzitaniatik etorritakoak. Partaideen zerrenda luzearen barnean, eginiko ikerketengatik izen ona lortu dutenez gain, ikertzaile gazteak ere badira.

Parte-hartzaile kopuruari dagokionez lortutako arrakasta eta azken urteotan aurkeztutako lanen maila zientifiko altuak eztabaidagune garrantzitsu bilakatu dituzte jardunaldiak eremu handi batean, ikerketa ildo berrien eztabaidarako eta lanen aurkezpenerako foro moduan. Horrela, gaur egun, Nafarroa mailan egiten direnen artean, garrantzi eta finkapen handienetarikoa lortu dute, eta, horrez gain, nafar komunitatetik kanpora ere proiekzio handia atzematen ari dira.

Jardunaldiak irekiak dira, eta haietan folklorearen gaineko ikerketaren eta lanen dibulgazioaren aldeko apustua egin da. Horri esker, urtero, edozein motatako jarduerak izaten diran jardunaldien programazioan, eta programazio hori aldatu egiten da, urtez urte, landu nahi den gaia zein den.

Interesa duen edozein pertsonak edo erakundek parte hartzen ahal du urtero antolaturiko jardueretan, bai eta bilatutako helburuetarako egoki jotzen dituen ekarpenak egin edo jarduerak proposatu ere.

Topaketa hauek urtero egiten ditugu, Iruñean, urtearen azken hiruhilekoan, eta, urtero, parte hartzeko interes handia izaten da, hala hizlarien artean nola entzuleen artean, eztabaida bultzatuz eta ideiak partekatuz.

Jardunaldien saio ezberdinetan bildutako lanak Eusko Ikaskuntzaren Folklore Arloko Liburuetako 3. alean, “Bianako Printzea” erakundeko 1986. eta 1993. urteen arteko “Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra” argitalpenean eta, geroago, 1995. urtetik aurrera, Ortzadar taldeak argitaratutako “Sukil, kultura tradizionalaren gaineko liburuak” saileko 4 zenbakietan argitaratuak izan dira. Azken publikazio hori Ortzadar taldeak edizioen munduan eginiko aurreneko urratsen erakusle da. Lehenengo zenbakia 1995eko udazkenean argitaratu zen. Era honetan, 1974.ean Ortzadar taldeak sortzearekin batera hasitako Herri Kulturaren azterketa eta zabalkunde bideari jarraipena ematen dio.

ORTZADAR taldeak egiten duen dibulgazio-lanaren baitan, erakusketak ditugu beste tresna bat, eta horiexek antolatzen eta eskaintzen ditugu, han eta hemen paratzeko.

Folklore jardunaldiekin batera, ORTZADARrek hainbat erakusketa prestatu ditu: “Material etnografikoak”, "Janzkera", "Herri musika-tresnak", Eulalia Abaituaren "Emakumeei buruzko argazki zaharrak”, "Mito, errito eta superstizioak", Iruñeko Udaleko agiritegiko "Sanferminetako argazkiak", "Nafarroako janzkera tradizionala", J.A. Urbeltzen "Alakiketan, tradizioaren irakurketa bat", eta "Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan".

Erakusketa horietatik guztietatik bi ditugu bereziki aipagarriak. Lehendabizikoa “Nafarroako janzkera tradizionala” izenekoa da. Erakusketa horretarako material originalak biltzeko egindako ahalegina inoizko handiena izan da, Madrilen Antropologia Museoa inauguratzeko 1924an egindako erakusketatik. Erakusketa horretatik katalogo bat osatu zen, eta katalogo hori erreferente bilakatu da, janzkeraren arloan.

Bigarren erakusketa Imágenes de la vida tradicional vasca a través de la antigua tarjeta postal liburutik sortutakoa da, eta liburuaren izenburu bera du (Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan). Erakusketa hau 2003. urtearen amaiera arte izan zen eskuragarri, eta hainbat herritan paratu genuen, bai Nafarroan baita Nafarroatik kanpo ere. Ortzadarren erakusketa hau hala erakunde publikoen –esate baterako, Bertiz jauregian (Nafarroa) 2000. urteko uztailetik urrira bitarte, Nafarroako Gobernuaren Cultur’00 programaren baitan- zein pribatuen eskuetatik antolatu izan zen, eta Parisko Euskal Etxean ere izan da, hamabost egunez. Erakusketak oso erantzun ona jaso du, bai ikusleen –hogei mila pertsonak baino gehiagok bisitatu dute– bai erakundeen aldetik.

Beste erakusketa aipagarri bat herri musika tresnen erakusketa dugu. Hauxe didaktikoagoa da. ORTZADARren funtsa osatzen duten hainbat musika tresna eta beste hainbat panel osatzen dute erakusketa, eta paneletan, musika tresnak eraikitzeko modua, argazkiak eta beste azalpen batzuk erakusten dira. Musika tresnena erakusketa huts moduan antolatu daiteke, baina ORTZADARreko kideek azalpenak eman, kontzertuak eskaini eta instrumentuak jotzeko moduak erakusteko emanaldiak ere antolatu daitezke, aldi berean.

2009. urtean, Nafarroako Gobernuak Lantz, Ituren eta Zubietako Inauteriak Interes Kulturaleko Ondare izendatu izanaren ondorioz, Karlos Irujo Asurmendi eta Mikel Ozkoidi Pérez ORTZADARreko kideek izendapen horren aurreko txostena egin zuten, bai eta inauteri horiei buruzko publikazioaren erredakzioa ere, eta Nafarroako Gobernuaren Panorama aldizkariaren 40. zenbakian argitaratu zuten. Bi lan horiek egiteko jasotako material eta informazioen parte batekin, ORTZADAR taldeak “Ondare ez-materiala. Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak” izeneko erakusketa prestatu zuen, bi taldekide horien zuzendaritzapean.

ORTZADARrek dituen funts materialek eta dokumentazioak aukera ematen dute gaikako erakusketak nahiz erakusketa orokorrak antolatzeko, erakunde publikoen zein kultur elkarteen behar edo interes berezietara egokituz, erabilgarri dagoen espazioa kontuan hartuz.

1995. urtean, “Sukil, Kultura tradizionalaren gaineko liburuxkak” izeneko argitalpen propioaren bidez, folklore eta kultura tradizionalaren ikerketa eta lanen dibulgazioan bide berri bat jorratzeari ekin genion.

1997ko urrian, XIII. Jardunaldiak prestatzerakoan aurkitutako agirietan oinarrituz eta Jose Mari Pastor “Artzai” artistaren marrazkiekin, 12 postaleko bilduma argitaratu genuen “Euskal Herriko Janzkerak” gaia landuz. Gai hori berari jarraituz, Nafarroako janzkera tradizionalari eginiko erakusketaren katalogoa ere argitaratu genuen.

1999an “Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan” liburua argitaratu genuen, eta bertan XIX. mende bukaerako eta XX. mendearen hasierako berrehun postaletik gora azaltzen dira, gehienak ordura arte argitaratu gabekoak, antzinako postalen bildumazale baten artxibotik jasotakoak. Argazki bakoitzean idatzizko argibideak jaso dira, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, eta, horrez gain, argazkilari eta postalen argitaratzaileen gaineko aipamenak ere bildu dira. Argitalpen honek izan zuen arrakasta zela-eta, 2000. urtean berriz argitaratu zen.

Erakundeen eta arlo horietan adituen onespena jasotzean, Ortzadarrek argitalpenen arloan jarritako ilusioa eta ahalegin handiak ordainduta sentitzen ditu. Bien bitartean, elkarte eta erakundeekin argitalpenak trukatzen eta harremanari eusten jarraitu dugu, Nafarroan, Estatu mailan eta baita beste herrialde batzuetan ere.