Ortzadar, ekialdetik kantuz eta doinuz 

1976an eta 1979an Ortzadar Kantari Taldeak grabatu zituen bi disko deskatalogatu berrargitaratu ditu Ortzadarrek.

Elkar ekoiztetxeak grabazio hauek birmasterizatu eta berrargitaratu ditu USB formatuan, bi diskoak eta azalpen-pdf bat barne. USBa 7 eurotan erosi ahal izanen da formulario honetan ale bat eskatuz.

https://forms.gle/tgu4uC5gbo9zKaB9A

 

Ortzadar, ekialdetik kantuz eta doinuz

Ortzadar proiektua Iruñean sortu zen 1974an Ortzadar Euskal Dantzari eta Kantari Taldea izenarekin, euskal dantza eta musika tradizionalak ikertzeko, berreskuratzeko eta zabaltzeko. Kantu taldeak laurogeita hamarreko hamarkadan utzi zion abesteari.

Ortzadar taldearen 50. urtemuga dela eta, bi grabazio hauek berrargitaratu dira, biak ere kantu taldeko kideok 1976an eta 1979an ondutakoak Donostiako Artezi diskoetxearekin. Bi lanak, LP moldean plazaratu ziren, urte sail luzean zuzenean egindako emanaldien (kontzertuak, orain erraten den gisan) osagarri. Biak ere aspaldian daude deskatalogatuak.

Mendez mende ahoz garatu eta transmititutako uzta musikal izugarri baten fruitu batzuk birsortu eta hedatu genituen. Uzta hura, zenbaitetan, XIX. eta XX. mendeetako euskal folklorearen ikerlari handiek erauzi zuten ahanzturatik, galtzeko zorian zegoenean. Besteak beste, Jean Salaberry, Charles Bordes, Julien Vinson, Resurreccion Maria de Azkue, Aita Donostia, Manuel Lekuona eta Jorge de Riezu aipatu behar dira, haiek ekarri baitzuten paper arautura herri tradizioaren altxor baliosa. Bada, haien kantutegiak izan genituen iturri eta hazkurri.

Hirurogeita hamarreko urte bizi-bizi haietan, harriturik eta hunkiturik izan genuen Euskal Herriko herri musikaren eta poesiaren jenio haiengandik ikasteko aukera, hau da, Pierre Bordazaharre “Etxahun-Iruri” zuberotarra, Maurizio Elizalde Nafarroa Garaikoa, Fernando Aire “Xalbador” baxenabartarra edo Maurizia Aldeiturriaga bizkaitarra. Gure bidearen hasieran, Irlandako bizipenak izan genituen oinarri eta, gainera, musika zeltikoa, okzitaniarra eta balkaniarra jotzen zuten hainbat talderen jarduna ezagutu genuen diskoen bidez. Herri Gogoa diskoetxeak plazaratutako Herrikoi Musika Sorta bildumako diskoek, halaber, gure ibilbidea bideratu zuten. Garai hartan, pizkundea gertatu zen politikan, hizkuntzan eta kulturan. Hasieratik beretik, Ez Dok Amairu mugimendu abangoardista paregabeak lehentxeago urratutako bidea ezagutzeko eta hari jarraitzeko zoria izan genuen; horri loturik, funtsezkoak izan zitzaizkigun Jose Angel Irigarayren eta Benito Lertxundiren adiskidantza eta laguntza.

Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik, Donostiako Argia taldeko arimak, eginkizun erabakigarria izan zuten gure taldearen eta Ortzadar osoaren jaiotzan eta bilakaeran. Haiei zor diegu batez ere birsortze lanetan eta ikerketan zorroztasunez aritu izana, Europako tradizioan txertatutako gure kulturaren iturrietatik eta ikuspegitik abiatuta. Haien ideiek eta eskarmentuak hats emanik, hainbat musika-instrumentu sartzen joan ginen gure soinu-proposamenetan, haietako batzuk ia erabat ahantziak edota bakarlari edo akonpainamendu gisa soilik erabiliak. Hura gauza berria izan zen garai hartarako, ia esperimentala erran genezake. Apalki bada ere, erran dezakegu abangoardia bateko kide izan ginela.

Bestalde, «Ekialdetik Kantuz eta Doinuz» gure lehen diskoaren izenburuak dioen bezala, batez ere Euskal Herriko erdialdetik eta ekialdetik saiatzen ari gara soinu-paisaia jakin bat zabaltzen, hots, Pirinioetako herrialdea eta, estatuari dagokionez, nafarra. Gure iritziz, oraindik ere beharrezkoa baita ikuspegi hori aintzat hartzea, euskaltasunari buruzko ikuspegi herren eta estereotipatuaren aurrean. Gure jardueraren politikotasuna nabarmendu nahiko genuke; politikoa bere zentzu sakonean. Izan ere, garai hartan sinetsita geunden, eta egun are gehiago, gure kulturaren sustraietara jotzea eta, hortik abiaturik, ikasi eta birsortzea, funtsezkoa dela ekintza politikorako, bai eta geure nortasuna gorde, zaindu eta bilakatzeko ere.

Musika emozio-iturri da eta, zenbait testuingurutan, norberaren eta herriaren nortasunerako iturri ere bai. Euskaldunek arrakastaz txertatu dute bertsolaritza egungo mundu urbanoan. Gure ustez, hori ez da hein berean gertatu kantu tradizionalarekin, maiz ahantzia baitago gaur egungo sorkuntza poetikoan eta musikalean. Gure lanaren bitartez, halako soka bat ehundu nahi izan genuen denboran, bilakaera moztu hura biziberritze aldera.

Orduan, gure gaztetasun ausartaren gogo biziak bultzatu gintuen, bai eta gure amateurismoak ere, eta guk sortutako soinu «berriek» liluratu gintuzten. Orain berrikusi eginen genituzke aukeratutako abesti batzuk, baina guztiak ere grabatu ziren bezalaxe erakutsi nahi izan ditugu eta, horrexegatik, hain zuzen ere, aldaketarik gabe argitaratu dira.

Gure bihotzean daude testu honetan aipaturiko pertsonak oro eta, halaber, lerrootara ekarri ez ditugun beste aunitz; hau da, beren herrietara joan eta kantatzeko hartu gintuzten adiskideak, oraindik ere beren ospakizunetan Ortzadar taldearen doinuak eta kantuak ahoan darabiltzatenak. Bihoakie gure esker ona, halaber, 50. urtemugaren antolaketa batzordeari eta Elkar etxeari, lan hauek berrargitaratzeagatik.

Ortzadar Kantari Taldea
Iruñea, 2024ko udaberria