Ia 15 urtez “Plaza Dantza” ikuskizuna eskaini ondoren, eta taldearen 50. urteurrena aitzakia-arrazoitzat hartuta, iaz musikari talde bat elkartu ginen eta urte hauetan zehar jotzen aritu garen musika edo dantzarako musika batzuk grabatzeko aukera planteatu genuen.

 

Alde batetik, geure buruari eskatu genion lan honetan bildutakoek, ahal zen neurrian, argitaragabeak izan behar zutela (moldaketak, behinik behin, halakoxeak dira); bestetik, musikari amateurrek egindako lanak emaitza profesionala izan behar zuela. Eta, poliedro horren bertze alde bat balitz bezala, bertze garai batzuetan dantzatu ziren eta gaur egun gure herrian dantzatzen ez diren -edo gutxi dantzatzen diren dantza-doinuak bildu behar zituen lanak.

 

Dantzarako musika tradizionalak grabatzeak oso arrazoi baliotsuak ditu. Lehenik, komunitate baten kultura eta tradizioak zaintzen eta sustatzen laguntzen du, etorkizuneko belaunaldiek horietaz gozatzeko eta ikasteko aukera izan dezaten ziurtatuz, nolabait. Gainera, musika tradizionalak jendea dantzara gonbidatzen duten erritmo eta doinuak dituenez, festa-giroa eta konexio sozialak ahalbidetzen ditu.

 

Halaber, grabazio bat publiko zabalago batengana irits daiteke, leku eta kultura ezberdinetako pertsonek musika hori deskubritu eta estimatzeko aukera izan dezaten. Eta azkenik, baina garrantzi maila berean, adierazpide artistikoa da, eta oso atsegina izan daiteke bai musikarientzat, bai entzule-dantzarientzat. Musikak pertsonak batzeko eta guztiak erritmoan mugiarazteko ahalmena baitu.

 

“Baina, gurea ez da txaranga bat, askotan azaldu behar izan dugu hori, gurea beste musika orkestra bat da; fanfarreak berezi gordetzen ditu bestela jasotzen ez diren tresnak, eta toki hori goxo zaindu behar dugu. Luzaz. Bere ustezko soiltasunean datzalako gakoa. Ez dagoelako makina bat fanfarre, eta guk, zorionez, halako bat izan dugu taldean hastapenetik, aurten, hain justu, 50 urte”.

 

Datu teknikoak

 

Plaza dantza diskoan 29 musikarik hartu dute parte, musikari, kantari eta esatari. Estudios Kn grabatu dugu Alberto Porresekin. 2024ko ekaina eta uztaila bitartean aritu gara estudioan banaka bakoitza bere tartean arituz.

 

2012an estrenatu genuen Librea Ninçana ikuskizuna ere diskora ekarri genuen ondotik, eta aldi hartan denak aldi berean aritu ginen, baina Plaza dantza diskoa bestela grabatzea erabaki genuen, 29ok banaka. Gida baten gainean, banaka aritu ginen estudioan bata bestearen atzetik. Honek, grabazioaren ostean, musika tresna guztiak doitzeko aukera eman digu, estiloa, indarra, dinamikak, bolumenak… eta horrela, gure musikarekin helarazi nahi izan dugun adierazkortasun hori ekarri dugu.

 

Musikarien artean Ortzadarko hainbat belaunalditako musikariak aritu dira, eta bestetik bereziki hurbilak ditugun taldeetatik ere laguntza ematera etorri zaizkigu, elkarren arteko aliantzak beste behin gorpuztuz. Beti izan ditugu bidaia-lagunak taldean eta elkar-ulertze hori diskoraino iritsi da.

 

Bestetik, diseinua dugu; Josune Elizaldek egin du. Guk ideia eman genion, zein zen diskoaren zentzua, arrazoia, ikuspegia, eta berak maisuki irudikatu ditu eta jaso ditu musikaren beraren notak izan daitezkeen hosto sinbolikoak, bai eta dantzarien pausoen arrastoak ere, dantzan aritu bitartean lurrean iltzatzen direnak.

Usb-ak mota guztietako 22 pieza biltzen ditu (mazurkak, ezkotixak, biribilketak, polkak, jautziak…), eta honekin batera doan liburuxkak aukeraketa horren arrazoien berri ematen du.

Eskerrak

 

Lehenik, parte hartu duten musikariei (gaur hemen haietako batzuk). Bestetik, unean uneko arrazoiengatik parte hartu ez dutenei ere bai, beti hurbil izateagatik. Gainera, taldea duela 50. urte sortu zenetik fanfarrean aritu diren musikari guztiei, ezin konta kide aritu baita gurean eta arrasto aski gogoangarria utzi. Haiendako. Eta horiez gain, dantzariak ere biltzen ditugu gure eskertza-gogoan, musikariok dantzariak nahi eta behar ditugulako eta plaza dantza bat batzuk edo besteak faltatuz gero, ez litzatekeelako posible.

 

“Desio garbi batekin plazaratzen dugu bilduma hau: plazetan dantzan egiten segi dezagula, ez daitezela arrotz bilakatu plazetako dantzagaiak eta soinugaiak, komunitatearen eta parte-hartzearen zentzurik sakonenean hel diezaiogula adierazpen honi (ikuskizun pasibo eta orkestratuetatik urruti)”.

 

“Askotan, ondare materiagabea aipatzen dugu, hori delako garena. Etengabeko bilakaeran gaude. Eta hara, liturgia erlogiosoetan erabilitako melodietatik hasi eta opera zintzoenetaraino, historiako orkestrazio handienetatik igaroz, herri musika eta dantzetan oinarritu dira noizbait”.

 

Publikoa ikusle hutsa izan ez dadin, baizik eta bere testuinguru naturalean (kaleak, plazak, etab.) dantza eta musika herrikoi eta tradizionalen esperientzia integralagoa izan dezan, Ortzadarrek hamabost urte inguru daramatza “PLAZA DANTZA” izeneko “ikuskizun” formatu berri bat garatzen eta eskaintzen. Emankizun molde honetan, dantza-gidari lanak egiten dituen pertsona batekin batera, musikari talde batek publiko orokorra gonbidatzen du ikusle izateari “uztera”, ekitaldiko aktore izatera pasatuz.

 

Errepertorio hau osatzen duten melodiak publiko orokor orok dantza ditzake, aldez aitzinetik dantza ezagutu gabe ere; izan ere, haurrek, gazteek eta helduek erreproduzi ditzaketen pauso eta koreografiak dira, generoa edozein dela ere.

 

“Ikuskizun-esperientzia” hauetan, gure dantza tradizionalak (jauziak, fandangoa, zortzikoa…) nahiz garai batean herri eta hirietako dantza publikoetan izan ziren eta, zoritxarrez, desagertuz joan diren bertze dantza mota batzuk (balsa, mazurka, pasodoblea, habanera, eta abar) dantzatzeko eta entzuteko aukera eskaintzen zaie bertaratutakoei.