Ortzadar taldeko 350 kidek eta laguntzailek dantza eta musikaz beteko dituzte Iruñeko alde zaharreko kaleak urriaren 5ean, larunbatarekin, elkartearen 50. urteurrena ospatzeko (1974-2024).

 

Kalejiran Ortzadarko fanfarrearekin batera Hernaniko Txilibita fanfarreak hartuko du parte (gurean, gainera, taldean behinola aritu diren hainbat belaunalditako musikariak bilduko dira). 11:30ean emanen diogu hasiera egunari taldeak Descalzos kalean duen lokaletik abiatuz, San Frantzisko plazatik pasatu eta Burgoen plazan amaituz; bertan Plaza dantza bat eginen dugu.

 

Plaza Dantza Burgosko plazan 12:45ak aldera hasiko da eta Ortzadar fanfarreak “Plaza dantza” izeneko disko berrian grabatutako piezetako batzuk emanen ditu, hau da, plazan dantzatzeko piezak.

 

“Dantza herrikoiaren balioa nabarmendu nahi dugu, plazetan dantzatzen jarrai dezagun, plazako dantza desager ez dadin, adierazpen horri komunitatearen eta parte-hartzearen zentzurik sakonenean ekin diezaiogun (ikuskizun pasibo eta orkestratuagoetatik urrun)”.

 

Gurekin arituko dira egun honetan: Erregetxopitak (Zuberoa), Andra Mari (Galdakao), Kemen (Irun), Corella, Urretxu, Txilibita fanfarrea (Hernani), Orbeldi (Usurbil) eta Iruñetik, Muthiko Alaiak, Iruña Taldea eta Oberena.

 

Kale-festaren ondotik bazkaria eginen da Uslaer jatetxean (Arrotxapea), eta arratsaldean Holako de Lux taldeak joko du.